Donostia

Donostia (izen ofiziala: Donostia / San Sebastián) Gipuzkoako hiriburu eta udalerri nagusia da, eta Euskal Herriko hiri jendetsuenen artean laugarrena, 2021. urtean 188.102 biztanle zituen eta. Metropoli eremuak, berriz, 400.000 bat biztanle ditu. Kantauri itsasoaren ertzean dago, Bizkaiko golkoaren magalean.

Hego Euskal Herriko hiriburuetatik Donostiak du euskaldunen ehunekorik handiena: % 33,5. Administrazio, kultura, hezkuntza eta turismoaren zentro garrantzitsu bat da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 2016an Europako kultura-hiriburua izan zen. 2014an, National Geographic aldizkariak munduko hiri zoriontsuenen artean kokatu zuen Donostia.

Historia
Sakontzeko, irakurri: «Donostiako historia»

Gizakia orain dela 25.000 urtetik, gutxienez, bizi izan da Donostia inguruan. Ametzagaina izeneko lekuan garai horretako industria litikoa aurkitu dute.[1]

Gerora, egungo Parte Zaharreko herrigunean erromatarren garaiko giza kokaguneak egon ziren, Santa Teresa komentuan egin diren indusketetan aurkitutako aztarnek adierazten dutenez (K. o. 50–200 urte bitartekoak).[2]

Erdi Aroa Hiriaren sorrera
 
Jaizkibelgo senadi bat

Donostiari (bertako monasterioari) buruzko lehendabiziko aipamenak X eta XI. mende hasierakoak diren arren, Nafarroako Antso Jakitunak 1180. urte aldera eman zion hiri-gutuna, lehenagokoa ez ote den adierazi izan bada ere. Jose Luis Orellak azaldu du hiri-gutun hori Lizarrako 1164ko foru hedatuan oinarritu zela: artikuluen % 60 inguru. Hala ere, bere berezitasun handiena itsasorako forua izatea da, Antso Jakitunak Nafarroaren itsas merkataritzaren portu nagusi bihurtu nahi baitzuen Donostia.[3] Hauxe da Europako lehendabiziko itsas forua, eta bertan biltzen dira Europako itsas lege zaharrenak.[4]

Baiona luzaroan Nafarroaren portu izan zen, baina XI. mendean baliorik gabeko portu bat zuen, landetako hareak itsutua. Horrek emigrazio handi bat eragin zuen Baionatik eta Gaskoiniatik (gaskoiak, «franko» deituak), Urgull magaleko hareatzan finkatu zena Erregearen abantailek erakarrita: Orioraino, libre ziren merkataritzan aritzeko.[5] Ordurako, Santa Maria eta San Bizente Antiguakoa aipatzen dira, eta Antso Jakitunak Izurungo monasterioa eman zien dohaintzan. Lehena bertako «nafar»en eliza zen, eta bigarrena, berriz, – gaskoiena, Manuel Lekuonak azaltzen duenez.[6] Gero eta handigoa zen, ordurako, itsas merkataritza Europa iparraldearekin. 1200. urtean Alfontso VIII.a Gaztelakoak Nafarroa inbaditu zuen, eta Gipuzkoan portu garrantzitsuak eskuratu: Mutriku, Getaria, Donostia, Hondarribia, etab. Konkista hori sendotzeko, Gaztelako erregeak berretsi egin zuen Donostiaren nafar forua 1204an.[7]

Gaztelako koroaren pean

Gaztelako koroaren eskuetan geratuta ere, Donostiak jarraitu egin zuen Nafarroaren itsas merkataritza-bideetan, eta Antso IV.a Gaztelakoak, XIII. mende amaieran, berretsi egin zituen nafar merkatariek hiribilduan zituzten pribilegioak. Nafar produktuen isuri horrez gain, Donostiak Gipuzkoan barrena heldutako Gaztelako salgaiak itsasoratzen zituen.[8] Horrek oparoaldi bat ekarri zuen, eta Donostiak autonomia handia agertu zuen.

 
Euskal bale-ehizako ontzi baten barruko irudikapena

Donostiarrek, orduan, hiru ainguraleku nagusi zituzten: Kontxa, Zurriola eta Pasaia (Pasage).[9] Horietatik abiatzen eta sartzen ziren koka motako itsasontziak, garai hartan arrakasta handikoak, Atlantikoko kostaldeko itsas trafikoan erabiltzen baitziren Flandesera bidean. Haien sotoetan ekartzen zituzten oihalak, apaingarriak, tinduak, eta zirtzilkeriak.[10]

 
San Bizente eliza (1574an amaitua), Donostiako eliza zaharrena, gaskoien erlijio-bilgune

1266tik aurrera, hiriak hainbat sute jasan zituen. Donostiaren mugetan Usurbil eta Orio sortu ziren 1371 eta 1379an. Gainera, hainbat istilu izan zituzten donostiarrek Hernaniko olagizonekin. 1397. urtean, Donostiak Gipuzkoako Ermandadea sortzen lagundu zuen oinaztarren eta ganboatarren arteko lehia bete-betean, zailtasunak ekartzen baitzizkien donostiarrei barne merkataritzan. 1459an, Donostia guztiz sartu zen Gipuzkoan.[11]

Aro modernoa Donostia mugako hiri

1489an, sute latz batek hiria kiskali egin zuen, baita aro berri baten hasiera iragarri ere.[12] Harrezkero, hiria gerra-gotorleku bihurtzen hasi zen, Gaztelaren eta Frantziaren artean. Gaztela-Aragoiko errege-erreginek donostiarrak babestu zituzten, hainbat zergatatik salbuetsi eta abar. 1521ean, laguntza eman zion Komuneroen Matxinadaren kontra eta enperadorearen tropei Nafarroako gudan. Karlos V.ak Muy Noble y Muy Leal titulua esleitu zion, eta hainbat erlijio-erakunde sortu ziren hirian ordutik aurrera.

 
Donostiaren irudikapen bat 1572an

Hiribilduaren oparoaldiak mendearen bigarren erdira arte iraun zuen. Hala ere, Karlos V.a eta bere oinordekoak (Filipe II.a eta Filipe III.a) gerra gehiagotan sartu ahala, Donostiaren egoera okertzen joan zen, erregeon ontzi- eta eskifaia-eskaera hertsatzaileengatik. Arrantza-kanpainei dagokienez, 1580eko lekukotasun baten arabera, 13-14 itsasontzi ateratzen ziren Ternuara urtero Donostiatik, bakoitzean 70-100 marinelekin.[13]

1597an, berriz, izurrite bubonikoak hiria eta Pasaia astindu zituen, baita 650 hildako utzi ere Donostian, eta 364 Pasaian.[14] Gorabeheron erdian zorpetuta zebilela eta, udalak zerga berriak jarri zizkion artileari portuetan (bereziki Pasaiakoan), baita ondorio larriak eragin ere. Iruñetik zetorren barrualdeko merkataritzak iparraldeko bidea hartu zuen, eta Baiona bihurtu zen nafar artilea itsasoratzeko portua.[14] Ordura arteko Donostiako ontziolak ontziola handi eta espezializatuagoen beharrez Pasaiara lekualdatzen joan ziren. 1682an, Kontsulatua eta Kontratazio Etxea sortu ziren Donostian.

Ameriketara begira
 
Donostiako Santa Maria eliza, Konpainiaren diru-ekarpenez eraikia
Sakontzeko, irakurri: «Caracasko Gipuzkoar Konpainia»

1713ko Utrechteko Ituna oso kaltegarria izan zen hiriarentzat, donostiarrek Ipar Atlantikoko arrantza-urak galdu baitzituzten. Gainera, ez zuen bakea ekarri, Frantziaren etsaigoa baizik. 1719. urtean, lehendabizikoz, Berwick dukea buru zuen 26.000 gerlariko frantziar armadak Donostia hartu zuen, setioa jarri ondoren. Donostiaren berreraikuntza-lanetan, Plaza Berria sortu zuten Donostiaren erdian, olgeta eta merkaturako.

1728an, Caracasko Gipuzkoar Konpainia sortu zen. Baldintzak mesedegarriak ziren nola gipuzkoarrentzat, hala Erregearentzat, aduana-zergarik gabe sartuko baitziren Ebron zehar inportatutako gaiak; bereziki, kakao estimatuak, tabakoak, larruak eta espezieak. Negozioa biribila zen, eta Donostia aberastu egin zen urte horietan. Ontzigintzak eta burdinolek lanean jarraitu zuten bete-betean. Euskaldunak eskifaietan sartzen ziren kopuru handitan eta, Konpainiaren ekimenez, hainbat enpresa eta elkarte sortu eta sustatu ziren Gipuzkoan, Euskal Herrian eta Espainian. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea ere sortu zen Konpainiaren epelean (1765). Aldiz, Karlos III.a erregeak 1778an Venezuelarekiko merkataritza liberalizatzeko emandako aginduak egoera politiko-ekonomikoa gaiztotu zuen, eta Konpainiaren amaiera ekarri.

Aro garaikidea Hondamenditik turismo-hirira
 
Donostiaren setioa eta suntsipena (1813)
 
Ondarretako dantza-ospakizuna (Darío de Regoyosen margolana)

Tentsio politiko handiaren erdian, 1794ko abuztuan, frantses iraultzaileak Donostiara sartu ziren, eta Gipuzkoaren independentzia-aldarrikapen bat ere gertatu zen Donostiako burgesiak bultzatuta. Espainiako agintariek Donostiako udala zigortu zuten ustez (espainiar) «abertzaletasun» epela erakusteagatik (Iruñea, 1796). Une horretan, hiria hizkuntzaz erabat euskalduna zen, baita elebakar ugari ere tartean. Ordurako, gaskoi hizkuntza azken hatsetan zen Donostian. Iberiar Penintsulako Gerra azkenetan zela, Wellingtongo dukeak zuzendutako britaniar eta portugaldar tropek setioa jarri zioten Donostiari eta, 1813ko abuztuaren 31n, hirira sartu eta kiskali zuten, baita biztanleriaren zati bat sarraskitu ere.[15] Irail hasieran, Donostiako familia aberatsenek hiria berreraikitzea erabaki zuten, Pedro Manuel Ugartemendiaren zuzendaritzapean.

1828an, Donostiak berreskuratu zuen Amerikarekin salerosketan aritzeko eskubidea.[16] Lehen Karlistaldia piztu zen handik gutxira, eta karlistek Donostia inguratu eta bonbardatu zuten. Donostiak foruen gehiena galdutako Nafarroari atxikitzea eskatu zuen, 1841ean. 1863an, Donostiako harresia eraitsi eta hiribilduak gotorleku militar izateari utzi zion, herritarren pozerako.[17] 1845etik, Espainiako Errege Gorteak udak oporretan ematen zituen Donostian, eta udal kabildoak zerbitzuen eta gerora «tourismo» deitu zutenaren hiria izatearen alde egin zuen.[18] Eliteen oporraldietarako Biarritz hartu zuten eredu,[19] Gainera, 1864an burdinbidea heldu zen Donostiara.

1872an, Bigarren Karlistaldia piztu zen, eta Donostia Gipuzkoako hiri liberal bakarra izan zen. 1875ean, gertutik eraso egin zioten indar karlistek, eta hiriaren setioak 1876ko otsailaren 18ra arte iraun zuen.[20] Gerraostean, kultur jarduera handiko garai bat hasi zen donostiarrentzat; adibidez, danborrada eta, pixka bat geroago, Euskal Festak (1896).[21] 1872an bertan, Santa Katalina zubi neoklasikoa eraiki zen; 1882an, Donostiako Kasinoa; 1887an, Gipuzkoako Foru Aldundia, etab. Egungo erdialde osoaren bokazioa eliteen eta burgesiaren bizileku eta atsegin izatea zen eta, beraz, herritar xumeak beste auzo batzuetan geratu ziren.

 
Donostia(1908). Errege-familiaren bainu gela.
Belle Époquetik gerraoste arte
 
Amara eta Urumearen kanalizazioa
 
Eskuindar matxinoen aldekoak Donostia erdialdean, 1936ko irailean
 
Amarako tranbia-estazioaren ikuspegi bat (1955 inguruan)
 
Haizearen orrazia, erauntsiaren erdian

XX. mendearen hasieran, Donostia udako hiriburu eta probintziako gune administratibo eta politikoa zen. Elektrizitatea eta kaleetako argiztapena ere heldu zen (1899), baita tranbiak ere luze gabe, automobilekin batera.[22] Lehen Mundu Gerra garapen eta aberastasun handiko aldia izan zen Donostiarentzat. Bertako Kasinoan europar bizitzako pertsonaia ugari agertu ziren: Mata Hari, Leon Trotski, Ravel, etab. «Belle Epoque» garaia izan zen. 1904an, Itun Ekonomikoa berritzeko gatazka politikoen epelean, askotariko alderdi politikoek Liga Foral Autonomista sortu zuten, eta 1923ra arte sindikatuen hainbat protesta eta istilu izan ziren. 1930ean, berriz, Espainiako hainbat politikari Donostiara bildu ziren, eta Donostiako Ituna sinatu, 1931ko apirilean Espainiako II. Errepublika ekarriko zuena. Donostiak joera aurrerazalea hartu zuen gehienean, baita euskal autonomia-estatutuaren aldekoa ere.[23]

1936ko otsaileko hauteskundeetan, Fronte Popularrak irabazi zuen Donostian.[24] Uztailean, Donostian ere Gerra Zibila hasi zen: Loiolako kuartelaren matxinada itoa izan zen, baina hilabete eta erdian, Donostia Altxamenduko indarren eskuetan erori zen. Donostiako 30.000tik gora herritarrek ihes egin zuten Beorlegi koronelaren indarrak (nazionalak) Donostiara sartzerakoan (1936ko irailaren 13an). Bertan geratutakoek, errepresio bereziki gogorra jasan zuten; ehunka izan ziren luze gabe fusilatuak (400dik gora), eta errepresio gogorrak jarraitu zion. Urte kritikoak izan ziren hurrengoak, elikagai eta gasolina eskasia zegoen, tabakoaren errazionamendua, industrietan material falta, ilarak gai asko eskuratzeko (cartilla delakoa). 1939an Musika Hamabostaldia sortu zen. Gipuzkoako gobernadore zibilari botere bereziak eman zitzaizkion jarduera politiko guztien kontrol eta errepresiorako.[25] 1947an, Donostiako udalbatza Kasinora lekualdatu zen eta, hurrengo urtean, bertan behera geratu zen ofizialki gerra-egoera.

Kontsumoaren gizartearen hasieratik gaurdaino

1950ko urteen amaieran hasita, hainbat zerbitzu publiko hobetu ziren; adibidez, hezkuntzan eta osasun-arloan.[26] Aldi berean, etorkinak ugari heldu ziren Hego Euskal Herritik eta Espainiako hainbat tokitatik.[27] Hirigintza anabasan erori zen etxegileen diru-goseak eta kontrol politiko faltak bultzatuta. 1953an lehenengo Donostiako Zinemaldia egin zen. Bertatik igaro ziren Ava Gardner, Vittorio Gassman, Charlton Heston... 60ko urteen gizarte-aldaketen testuinguruan, herritarren kezkak artearen eta kulturaren arlotik bideratu ziren hasieran.[28] Auzo-elkarteak sortu ziren. 1960ko hamarkadan, Donostia euskal kulturaren berpizkundearen eta euskal mugimendu nazionalistaren gunea bihurtu zen.[29] Manifestazioak ugaritu egin ziren eta, 1968ko abuztuan, lehenengoz, salbuespen-egoera dekretatu zen; gehiago etorri ziren hurrengo urteetan, 1975 arte.[30] Aldi berean, hiriaren ikur bihurtutako Haizearen orrazia eraiki zen, Eduardo Chillidarena (1974).

Diktadorea hil ondoko urteak tentsio handikoak izan ziren. 1977an, Amnistiaren Legea onartu zen, eta euskal preso politiko ugari itzuli ziren. Hala ere, grebak, manifestazioak eta liskarrak poliziekin ugaldu egin ziren; ETAren bi erakunde armatuek hilketa eta indarkeria ekintza ugari egin zituzten aldi horretan, baita erregimenari lotutako beste talde ilun batzuek ere.[31] 1976ko abenduan, Erreala eta Athletic futbol-taldeen arteko derbiko ikurrinaren aldarrikapenaren ondoren, legeztatu egin zen azkenik 1977ko urtarrilean. 1979ko ekaineko hauteskundeetan, EAJko Jesus Maria Alkain izan zen Donostiako alkate hautatua, demokratikoki aukeratutako lehenengoa eta lehendabiziko abertzalea. Urte hauek beheraldi urteak izan ziren, ekonomiaren gainbehera tartean, gatazka eta indarkeria sozio-politiko handikoak eta hirigintza zabar eta zekenekoak. 1981ean, Itun Ekonomikoa berrezarri zen.[32] Bestalde, futbolean herritarrak poz batean ziren Errealak 1980, 1981 eta 1982. urteetan Espainiako Ligan irabazitako postuekin, inoiz lortutako onenak.

Ramon Labaien 1983an hasi zen alkate-lanetan. Auzo-elkarteek ere protagonismo handiagoa hartu zuten udalean.[33] 1991n, PSOEko Odon Elorza gailendu zen hauteskundeetan, Donostiako inoizko alkate gazteena. Hirigintza eta zerbitzuen hainbat proiektu estrategikori heldu zitzaien orduan.[34] 1993an, Ertzaintzak Espainiako Polizia Nazionala ordezkatu zuen Donostiako zaintza-lanetan, baina, aldi berean, ETAk PPko Gregorio Ordoñez zinegotzia hil zuen.[35] ETAren su-etenekin batera eta Baiona-Donostia eurohirian kokatuta, hiriaren itxuraldaketa eta turismoa sendotu egin ziren. 2011n, EH Bilduko Juan Karlos Izagirre hasi zen alkate-lanetan eta, berehala, Donostia 2016ko Europako kultura hiriburu hautatu zuten, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera; gero, hiriburutza hori Eneko Goiaren agintaldian (EAJ) gauzatu zen.

«Duela 25.000 urte jada Donostian gizakiak bizi zirela egiaztatu du Aranzadiren ikerketa batek» Berria 2014-06-23. Unsain, J.M. (2008). San Sebastián, ciudad marítima. Donostia: Untzi Museoa ISBN 978-84-930344-8-1.. 164-7 or.Une horretan, Chronographus anni 354k zehazten du Urumea ibaian 7 kilometroz nabiga zitekeela, Hernaniraino (egungo Portu auzoraino); ikus Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 165-166, 201. or. Beharbada Donostia Aranoraino luzatzen zen; ikus Sada, Javier y Asier. 1995, 19. or.Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 162, 166-167 or.Kontu egin behar da une horretan Bidasoa eta Oriaren bokalearen arteko guztia Donostiaren barrutia zelaUrzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 161. or.Urzainqui, T. Olaizola, Juan M. 1998, 203. or. Artola (ed.), Miguel. (2001). Donostiaren historia. Donostia: Donostiako Udala ISBN 84-89569-56-8.. 18-20. or.'Portu' esan nahi du gaskoiez.Artola, Miguel (ed.). 2001, 19. or. Mugica Zufiria, Serapio. LOS GASCONES EN GUIPÚZCOA. IMPRENTA DE LA DIPUTACION DE GUIPUZCOA (argitaratze data: 1923) (Noiz kontsultatua: 2016ko irailaren 26a).1813 arte ez zen berriz sute hain suntsigarririk gertatu.Artola, Miguel (ed.). 2001, 57-58. or. ↑ a b Artola, Miguel (ed.). 2001, 52-54. or.Mila bat herritar hil zituzten, asko gero hil ziren gaitzen ondorioz, hiribilduan geratzen ziren emakume gehienak bortxatu, eta ondasunak zein etxeak arpilatuak edo suntsituak izan ziren. Trinitate kalea eta erlijio-eraikinak, sendoenak, bakarrik atera ziren onik.Hala ere, 1836an aplikatu zen agindu hori.Eustasio Amilibia alkateak jaso zuen mezua. Bera Antzoki Zaharrean zegoela, Mandasko dukearen telegrama bat jaso zuen, baita ikusleei berria zabaldu ere.Javier y Asier Sada. 1995, 102-103. or.Artola, Miguel (ed.). 2001, 129-130. or.Artola, Miguel (ed.). 2001, 125. or. San Sebastian egunez, bonba batek Bilintx bertsolaria latz zauritu zuen; luze gabe hil zen, uztailaren 21ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak desegiteko agindua ren egunean.Lore Jokoen tradizioan kokatuta; horien bultzatzaile aritu ziren, besteak beste, Jose Manterola, Jose Zapirain Irastorza (Txapillo), eta Toribio Altzaga.1922an, Europan moda-modan zen bezala auto-lasterketa zirkuitua ireki zuten Donostiaren ingurumarian, Lasarten; ikus «Lasarteko zirkuitoa» Berria (Andoain).Artola, Miguel (ed.). 2001, 144-146. or.Ordurako 80.000 biztanle zituen.Karguak jarri eta kendu egiten zituen udalean eta aldundian, tartean direla alkateak, zinegotziak, ahaldun nagusiak, etab. Aldaketa gutxirekin hala jarraitu zuen diktadurak iraun bitartean. Gehienetan kargudunak kanpotarrak izaten ziren, erregimeneko postuetan igotzeko irrikaz zeudenak; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 159. or.Aipatzekoak dira Peñaflorida Institutua (1956), Peritu Industrialen Eskola, ESTE eta EUTG (1959), Arantzazuko Ama Erietxea eta Gipuzkoa Ospitalea, etab.; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 163-165. or. Pixka bat geroago hasi zen ikastolen hedakuntza, Elbira Zipitriak 1943an Alde Zaharrean ereindako ikastolatik abiatuta.1952tik 1958ra, elikagaien industriara batez ere: Sociedad Azucarera del Ebro, Koipe, Savin, Caldos Rápidos, ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or.Urte horietakoak dira Jazzaldia (urte askoan estatuan egondako bakarra), Gaur artista-taldearen sorrera (1966), edota Ez Dok Amairu euskal poeta-musikarien taldea.1968an, euskal nazionalistek Aberri Eguna ospatu zuten Donostian, eta poliziak hiri osoa hartu zuen; ikus Artola, Miguel (ed.). 2001, 161-163. or. Udalean, bi urte lehenago, 1966an, mozio bat onartu zen Gipuzkoaren Itun Ekonomikoa bertan behera uzte zuen 1937ko dekretua baliogabetu zedin.Artola, Miguel (ed.). 2001, 167-168. or.Guardia Zibilak Gladys del Estal egiatar ekologista hil zuen tiroz eta BVEk Herri Batasuneko Tomas Alba zinegotzia hil zuen.Artola, Miguel (ed.). 2001, 170. or.Artola, Miguel (ed.). 2001, 173. or.Untzi Museoa, Koldo Mitxelena Kulturunea, Zurriola hondartza, Kursaal berria, bidegorri-sarea, kultur etxeen indartzea, Ibaeta auzoaren eraikuntza, Ibaetako EHUren unibertsitate-campusa, Nanogunea, Donostia Physics Center, etab.Ondorioz, ETAren kontrako bake-taldeak sortu ziren. Kaleko tentsioa zerbait baretu arren, ez zen desagertu, ETA zilegitzat jotzen hasi zen orain politikariak ere hiltzea eta, bestaldean, espetxe politika eta Gerra Zikinaren kontrako mobilizazioak ez ziren eten, bereziki Lasa eta Zabalaren gorpuen aurkikuntzaren inguruan.
Photographies by:
Statistics: Position
2628
Statistics: Rank
46395

Gehitu iruzkin berria

CAPTCHA
Security
382174956Click/tap this sequence: 7835
Esta pregunta es para comprobar si usted es un visitante humano y prevenir envíos de spam automatizado.

Google street view

Where can you sleep near Donostia ?

Booking.com
491.605 visits in total, 9.211 Points of interest, 405 Destinations, 77 visits today.