Procida

Procida (italieraz ˈprɔːtʃida ahoskatua) Italia hegoaldean, Campania eskualdean dagoen uharte eta udalerri bat da, 10.600 biztanle inguru dituena; Napoliko golkoko Flegrear uharteetako bat da, Ischia, Vivara eta Nisidarekin batera.

Historia Antzinatea

Erromatarren garaian, uhartearen izena Prochyta zen.

Vivara irlatxoan egindako aurkikuntza arkeologiko batzuek pentsarazten dute uhartea populatuta zegoela gure aroa baino lehenagoko XVI - XV mendeetan, Mizenastar jatorriko kolonoekin.

Seguru aski, g.a. baino lehenagoko VIII. mende inguruan, Eubea uhartetik iritsitako kalkistar kolonoek okupatu zuten, eta, geroago, Kumaseko greziar biztanleek, aurkikuntza arkeologikoek eta uharteko zenbait leku-izenek iradokitzen duten bezala.

Erromatarren garaian, hainbat villa zeuden uhartean sakabanatuta, baina badirudi ez zegoela egiazko bizigunerik; seguru aski, erromatar patrizioen oporlekua zen, bai eta mahastiak lantzeko etxalde batzuen kokagunea. Juvenal idazleak, adibidez, egonaldi lasai bakartiak egiteko leku egokitzat jo zuen bere satira batean.

Erdi Aroa

Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketaren ondoren, Napoliko konte bizantziarraren mende egon zen. Garai hartan, longobardiarren eta sarrazenoen inbasioetatik ihesi iritsitako jendearen babesleku bihurtu zen, eta VI. menderako badirudi bazegoela bizigune egonkor bat uhartean, garaiko dokumentu baten arabera.

Bizigune gotortu bat egon zen uharteko zatirik garaienean, gure egunotara Terra Murata ("lur harresitua") izenarekin iritsi dena.

Normandiarrak Italia hegoaldeaz nagusitu zirenean, Salerno aldeko jaun feudal baten mende egon zen bi mendez.

Siziliako aragoitar erregearen flotak kontrolatu zuen gero 1286-1299 bitartean eta geroago anjoutarren mende egon zen.

Garai honetan guztian, uhartearen ekonomia batez ere nekazaritzari lotuta egon zen, baina arrantzak gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan zen.

Garai modernoa

Karlos V.aren garaian, uhartea haren jeneral baten jabetza bihurtu zen, baina pirata sarrazenoen erasoak jasaten jarraitu zuen, otomandarren eta espainiar inperioaren arteko borroken barruan. Khayr Al-Din Bizargorri piratak 1534an egindako eraso batean, uharteak triskantza handiak jasan zituen eta biztanle askok esklabo bukatu zuten. Eraso gehiago egon ziren beste hainbat alditan. Hortik datoz uhartean garai hartan eraiki ziren talai ugariak, Terra Murata inguruan eginiko bigarren harresia eta D'Avalos gazteluaren eraikuntzaren hasiera (1563), Giovan Battista Cavagna eta Benvenuto Tortelli arkitektoen eskutik. Lepantoko guduaren ondoren, aldiz, piraten erasoak asko urritu ziren mendebaldeko Mediterraneoan, eta horri esker uhartekoen bizi-baldintzak asko hobetu ziren, itsasoari eta nabigazioari lotutako ekonomia-jarduerak jaio zirelarik.

Napoliko Erresumara Borboi dinastiaren esku geratu zenean, 1734an, uharteko biztanleen bizi-baldintzak hobetu egin ziren, batez ere Karlos III.aren bidez feudalismoa bukatu zenetik. Haren eskutik, Procida Koroaren jabetza bihurtu zen, ehiza-erreserba gisa.

Une horretan hasi zen Procidako itsas-industria goia jotzen, itsasontzigintzaren bitartez; XIX. mendean, hainbat urtez, Italia hegoaldean eraikitzen ziren itsasontzietatik asko eta asko Procidan eraikitzen ziren. Horren ondorioz, Procida 16.000 biztanle izatera iritsi zen.

1799an, Procida Napolitar Errepublikaren aldeko mugimenduetan parte hartu zuen, Frantziako Iraultzaren oihartzunez, baina Borboitarrak zenbait hilabete geroago boterera itzuli zirenean, Procidako hamabi biztanle urkatu egin zituzten, gaur egun Piazza dei Martiri deitzen den lekuan.

Ondoko urteetan, hainbat txikizio eta kalte jasan zituen uharteak, bere kokaleku estrategikoaren ondorioz, frantses eta ingelesen arteko gerren barruan. 1809an, 4.000 pertsona baino gehiagok abandonatu zuten uhartea, frantsesen aurkako seigarren koalizioaren bukaeran garaituak izan ziren itsasontzi ingelesen atzetik. Horrela, 1860an Borboitarrak erori eta Italiaren bateratzea gertatu zenean, Procidarrak horren alde agertu ziren.

1833an, uhartearentzat garrantzi handia izan zuen zerbait gertatu zen: Fernando II.a erregeak Udalaren Eskola Nautikoa (Scuola Nautica Comunale) fundatu zuen, itsasontzietarako marinel, ofizial eta kapitainak prestatzeko.

XX. mendea

Mende honek Procidako itsasontzigintzaren gainbehera ekarri zuen, eta horren biztanle-kopuruaren beherakada eragin zuen. Uharteko ekonomia nabigazioari, arrantzari eta, azken hamarkadetan, turismoari lotua gelditu da. Hainbat urtez, Procidako Eskola Nautikotik Italiako eta mundu osoko itsasontzi konpainietan lan egitera iritsitako ofizial ugari atera eta gero, azkenaldi honetan jaitsiera handi bat ari da gertatzen sektore honetan ere, nabigazioaren mekanizazioaren ondorioz eta itsas-garraioan herrialde azalkorretatik etorritako langile gero eta gehiago erabiltzearen ondorioz.

Turismoa ere ez da oso sektore garatua Procidan, ez behintzat Ischia edo Caprirekin konparatuta, beharbada ekimen enpresarial nahikorik ez delako egon eta turismorako egitura egokirik ere ez duelako, nahiz eta uhartea nahiko interesgarria izan paisaien eta naturaren ikuspegitik.

Gauzak horrela, Procidako biztanle askok uhartetik kanpo lan egiten dute. Eta, uharte barruan, arrantzan eta nekazaritzan.

Photographies by:
Statistics: Position
3982
Statistics: Rank
84743

Gehitu iruzkin berria

CAPTCHA
Security
687453291Click/tap this sequence: 3626
Esta pregunta es para comprobar si usted es un visitante humano y prevenir envíos de spam automatizado.

Google street view

Where can you sleep near Procida ?

Booking.com
9.003.359 visits in total, 407.503 Points of interest, 405 Destinations, 698 visits today.