Perito Moreno glaziarra (gaztelaniaz: Glaciar Perito Moreno) Argentinako hego-ekialdean dagoen glaziarra da, Santa Cruzko probintzian, Txileko mugatik hurbil. Glaziarren Parke Nazionalaren barnean dago. 30 km luze da, 4,5 km zabal eta 60 metroko garaiera du eta 250 km²-ko eremua hartzen du. Izena Francisco Moreno zientzialari eta Patagoniako esploratzailearen omenezkoa da.
Glaziar horren jatorria Hego Patagoniako izotz-zelaian dago, eta aurrealdea Lago Argentinoraino iristen da. Aintziran zehar aurrera egitean, aintziraren zati nagusia eta haren hegoaldeko adarra bereizten ditu. Horren ondorioz, hegoaldeko adarreko ura pilatuz joaten da, irteerarik gabe geratzen delako. Uraren presioak arraildurak eta hausturak eragiten ditu glaziarraren horman eta, azkenik, bi aldeak lotzen dituen tunel bat eratzen da. Zenbait urtetan tunel horren sabaia behera etortzen da.
Gehitu iruzkin berria