London

( Londres )

Londres (ingelesez: London) Ingalaterra eta Erresuma Batuko hiriburua da. Tamesis ibaiaren ertzetan eta Britainia Handiko hegoaldean kokatuta, 43an fundatu zuten erromatarrek, Londinium izenpean. 7.500.000 biztanle edukita, Londres Europako hiririk handienetarikoa da.

Gizateriaren ondare izendatutako lau gune ditu: Londresko dorrea, Kew Gardens, Westminster jauregia eta ingurukoak eta Greenwicheko gunea. Horietaz gain, kultura ondare zabala dauka hiriak, bisitari ugari erakartzen dituena. Bertako aireportuak munduko erabilienen artean ditugu, izan ere.

2012an, London bilakatu zen lehenengo hiria Olinpiar Jokoak hiru aldiz antolatu dituena.

Historia Antzinatea

Britainia hegoaldeko tribuak mendean hartu ondoren, erromatar osteak Colchesterrera aurreratzen ari zirela, Tamesis ibaia aurkitu zuten oztopo eta, hura zeharkatzeko, zubia eraiki zuten jatorriz eremu zingiratsuz inguratutako herrixka zelta baten aldamenean. Finkalekua Londinium izendatu zuten K. o. 43. urtean. Zubiaren kokapen estrategikoa baliatuz, erromatarrek merkataritza-gune dinamiko bat sortu zuten bertan. Cityko egungo Gracechurch Streetek antzinako Basilika zaharra eta foroa (merkatu-plaza) zeharkatzen ditu bete-betean.

K.o. 200. urtean orduko hiria gotortu egin zuten, harresiz inguratuz; egun, laukizuzen trazako esparru horri Square Mile ere deitzen zaio, eta City finantza-guneari dagokio. Garai horretan, Londres Britainiako hiriburu bihurtu zen, baita merkataritza-gune garrantzitsu ere. Londresek II. mendean jo zuen bere gaina eta 45.000-60.000 biztanle inguru izatera heldu zen.

Bertako britainiarrak eta erromatarrak elkarrekin bizi ziren, ahalik eta Erromatar Inperioa V. mendean gainbehera etorri arte. 410. urtean erromatar armadak utzi egin zuen Londinium eta Britainia eta hiriguneek, Erromatar Inperioko joerarekin bat etorriz, indarra galdu zuten, biztanle ugarik ere mendi-zelaietara alde egin zuten, baita Londresen ere. Erromatar boterea ahultzearekin batera, gainera, beste herri bat, germaniar saxoiak, hiriaren inguruaren aldameneko lurretan finkatu ziren, batzuetan britainiar biztanle-guneen artean eta beste batzuetan horiek mendebalderantz kanporatuz.

Erdi Aroa

Aldiz, saxoiak ez ziren Londinium esparru erromatarraren barnean finkatu eta, mende batzuen buruan, anglosaxoiek beste finkaleku bat sortu zuten Tamesis ibaian 2 km inguru gorago, Lundenwic deitutakoa (VII–VIII. mendeak). Oraindik orain egindako indusketek frogatu dutenez, egungo Covent Garden aldean zegoen kokatuta. IX. mendetik aurrera, berriz, areagotu egin ziren lehenago ere danimarkarrek (bikingoek) egiten zituzten erasoak, eta anglosaxoiek Lundenwicetik antzinako Londiniumera lekualdatzeko hautua egin zuten, harresiz hobe babestuta zegoelakoan (886 urtea). Anglosaxoien finkaleku izandakoari izena aldatu zioten, Ealdwic jarri ("finkaleku zaharra" ingeles zaharrean); egun izen horren aztarna dugu Adlwych Londresko kalea.

1066an Gilen normandiar dukea Harold II anglosaxoiari gailendu ondoren, Westminsterreko Abadia eta aldameneko jauregia erregetzaren egoitza bihurtu ziren Gilenez geroztik. Abadia horretan koroatu zuten Gilen Ingalaterrako errege, eta Ingalaterrako errege guztiak bertan koroatzen hasi ziren gerora ere. Garaipenaren ostean, Gilenek pribilegio batzuk bermatu zizkien londrestarrei eta Londresko dorrea eraiki, londrestar anglosaxoiak zainpean edukitzeko batez ere. Westminsterren, Londresen bigarren gune bat hazten hasi zen, erregetzari eta gobernuari lotuta; XVI. mende aldera bi guneak, merkataritza-gunea ("Square Mile" zaharra) eta gobernu-gunea (Westminster), elkartuta geratu ziren fisikoki.

Erdi Aroko Londresek handitzen jarraitu zuen. Londrestarrek Tamesis hegoaldeko ibaiertzera igarotzeko zubi bakarra zeukaten: Londresko Zubia delakoa, hegoaldeko ibaiertzean Southwark auzoa zuela. Kaleak estuak eta bihurriak ziren, etxeak egurrez egindakoak, eta teilatuak maiz lastoz osatutakoak. Hainbat sute gertatu ziren, eta 16 aldiz zabaldu zen izurri beltza 1348 eta 1665 artean.

Aro Modernoa

1665an Izurrite Handia gertatu zen eta, horren ondorioz, 70.000-100.000 londrestar hil zirela uste da. 1666an Londresko Sute Handia izan zen, irailaren 2tik 5era bitartean. Gertakari hori Ingalaterrako historiako mugarri bat da. Txikizioa eragin zuen Erdi Aroko hirian, alegia, erromatar-harresiaren barrenean kokaturiko esparruan (City of London gisa ezaguna). Westminster auzo aristokratikoa mehatxatu zuen, baina ez zen bertaraino iritsi. 13.200 etxe, 87 eliza, San Pauloren katedrala eta hiriko agintaritza-eraikin gehienak kiskali zituen. Berreraikuntza hamarkadetan luzatu zen, eta Christopher Wren arkitektoa izan zuen buru. Arkitekto ospetsu horrek eliza asko berreraiki zituen, San Paulo katedrala, besteak beste. Londresko kale-matazaren diseinua aldatzeko ahalegina egin zuten arren, lehengo horretan geratu zen gehienean; aldiz, etxeak eraikitzeko materialak behin betiko aldatu zituzten, adibidez, etxeen lastozko estalkiak teilaz aldatu ziren. Egun, Monument zutabe oroigarriak urte horretako gertaera lazgarria ekartzen digu gogora.

XVIII. mendearen hasieran, egunkariak hasi ziren argitaratzen (Spectator lehena izan zen) eta geroko egunkari sortu berri askok Fleet Streeten jarri zituzten egoitzak (egun, oraindik, Britainia Handiko prentsaren sinonimotzat erabiltzen da kale-izen hori). Bestalde, arkitekturan estilo klasikoa indarberrituta hasi zen Londresen errotzen (ia mende osoan iraun zuen joera), eta horrelako lehenengo eraikina Picadillyko Burlington House izan zen, Chiswick House gero. Arkitektura-lan handien ildoari jarraiki, 1750ean Tamesis gaineko bigarren zubia eraiki zuten: harrizko Westminsterreko Zubia. 1759an, berriz, British Museum ireki zen: museoa Sir Hans Sloane nobleak handik eta hemendik bildutako bitxikeriek osatzen zuten eta, bera hil zenean, gobernuak erosi zuen bilduma, baita erakusgai jarri ere.

George Erregearen aroko gizartean izandako benetako iraultza lasaia kafe-etxeen hedakuntza izan zen. Harrera beroa izan zuten, eta gizarte-, entretenimendu- eta negozio-gaien eztabaidagune bihurtu ere. Kafe-etxe batzuk ikuspegi politiko batzuei lotuta ikusten hasi ziren eta beste batzuk, berriz, merkataritza-jarduera jakin batzuei, esate baterako, New Jonathan's delakoan merkatari ekintzaileak biltzen ziren eta haiek sortu zuten Londresko Burtsa.

Aro Garaikidea
 
Londresko ekialdearen ikuspegi bat, Canary Wharf finantza gunea eta Greenwich tartean direla.

Londresek norabide guztietan zabaltzen jarraitu zen zabaldiak, basoak, herriak eta abar barneratzen. Parisen Frantses Iraultza egosten zen bitartean, 1780. urtean joan den mendetako erlijio-gerrek utzitako lorratz goria berpiztu egin zen Londresko kaleetan, Gordon Istiluak edo Gordon Riots direlakoetan: Lord George Gordon lider ahoberoak xaxatuta, lapurreta-, triskantza- eta hilketa-aste beldurgarri batek astindu zuen Londres astebetez, katolikoei oinarrizko eskubide batzuk onartzen zizkien lege baten kontrako martxa batean hasi zena. Harrezkero, ordea, agintariek edozein protestaren kontrako errepresioa areagotu egin zuten.

XIX. mendea
Sakontzeko, irakurri: «XIX. mendea Londresen»

XVIII. mendetik XX. mendeko lehenengo erdialdera, Londres Britainiar Inperioaren hiriburu izan zen, eta Victoria Erreginaren Aroan bereziki Inperioak bere gorena jo zuen. Garai horren atarian, George IV.aren Aroan, John Nash diseinatzaileak itzal handiko ingeniaritza-lanak itxuratu zituen: Regent Street, Piccadilly Circus eta beste hainbat eraikin nabarmen. Londres hiria, berriz, kontraesan latzez betetako hiria zen. Eraikuntza eta ingeniaritza-garapen berriekin batera, herri xehea auzo txiroetan metatuta bizi zen egoera lazgarrietan. 1800. urtean, Londresen milioi bat pertsona bizi ziren; mende bat geroago, ordea, 6 milioi, baina oinarrizko beharrizanei aurre egin ezinik zeuden horietako asko eta asko. Hori da, hain zuzen, Charles Dickens idazlearen garaiko Londres txiroa eta latza: industriaren garapen bete-betean, 5 urteko umeak ere eskale egoten ziren kalean, edo tximinia-garbiketan. 1870ean egoera hori zer-edo-zer hobetu zen, 5-12 urte arteko haurrak nahitaez eskolatu beharra ezartzen zuten legeei esker.

XIX. mendean, Londreseko kutsadura bere gorenera heldu zen, ur zikin guztiak Tamesisera botatzen ziren, eta horrek higiene publikoko arazo larriak sortu zituen, The Great Stink izanik kutsadura ezbehar larriena, 1858an. Bestalde, Britainia Handiaren inperialismoaren une gorena izan zen eta, kolonietako salgai isuri handi batekin batera, etorkinak ugari bertaratu ziren. Garai honetan, samaldan heldutako talde nabarmenena irlandarrak izan ziren, bereziki 1850 urteetako Patataren Gosetearekin batera. Langile klaseko talde txiroa ziren, eta haien kontrako arrazakeria hedatu zen.

Teknika aldetik, ibaiko garraioa gainezka zebilenean, metroaren lehenengo linea jarri zen martxan 1863an, munduan aitzindaria: Paddingtonetik Farringdon Roadera. Geroztik, metro sarea zabalduz joan zen. Horretaz aparte, artean, errepideko garraioa zaldizkoa izaten jarraitu zuen.

1900–1939

Aldiz, XX. mende hasieran lehenengo motordun bus linea hasi zen arte, 1904ean; hiru urte geroago, berriz, lehenengo metro elektrikoa. 1915ean Lehenengo Mundu Gerra Londresera heldu zen zeppelin bidez jaurtitako bonben bidez; alemaniarren aire bidezko bonba-erasoen ondorioz, 615 pertsona hil ziren guztira Londresen gerrak iraun bitartean. Guztiz gogoratzekoa da aldi horretan, Silvertowngo (West Ham) munizio-fabrikako 50 tona TNTren leherketa (1917) sute batek eraginda; zarta lazgarri horren ondorioz, 73 pertsona hil ziren, eta 400 bat zauritu, eta txikizio handia eragin zuen inguruan.

Langile-biztanleria, batez ere Ekialdean kokatuta, asko hazi zen; horietako askok Londres ekialdeko kaietan lan egiten zuten. I. Mundu Gerra amaitu ondoko urteetan, langabezia handitu egin zen, eta tentsio-giroa sortu. 1926an Greba Orokorra deitu zuten, langile ugariren partaidetzaz, eta armadak esku hartu zuen greba zapuzteko. Depresio Handiak gogor astindu zuen 30eko hamarkadako Londres, eta bereziki East End. Inmigrazioa ere oso handia zen Londresko alderdi horretan, batez ere Alemaniatik ihesi etorritako juduena. Muturreko posizio politikoak, nola eskuinekoak hala ezkerrekoak, sendotu egin ziren horrenbestez. Horren erakusgarri, 1936an piztutako Cable Streeteko istiluak aipatu behar dira: ezkerreko indarrek eta langileriak (judutarrak eta irlandar etorkinak ere tartean), barrikadak baliatuz, aurre egin zioten poliziak babestutako eskuin-muturraren (BUFen) martxa bati, baita egitea eragotzi ere.

Bigarren Mundu Gerra

Bigarren Mundu Gerran, Luftwaffe Alemaniako aire armadak sarritan bonbardatu zuen Londres, Blitz izeneko bonbardaketetan, Ingalaterrako Batailan. Erasoak hasi baino lehen, umeak hiritik atera zituzten Londres inguruko eremuetara; biztanleriak, berriz, metro-geltokietan hartzen zuen aterpe. 1940ko irailaren 7aren eta 1941eko maiatzaren 10aren artean gertatu zen bonbardaketa-aldi gordinena, hiriko eraikinen herena eraitsi baitzen eta kaialdea (Docklands) birrindua. Gerra bukaera aldera, Alemaniatik jaurtitako V1 eta V2 misilen jomuga izan zen. Gerrak 32.000 hildako utzi zituen, baita 50.000 zauritu eta ehun milaka pertsona etxerik gabe ere.

1945–2000

Behin gerra bukatuta, etxe-horniketaren auzia puri-purian zegoen, gerran izandako triskantza zela eta. Suntsitutakoa atondu eta berreraiki behar zen. Agintariek Londresko kanpo-ikuspegia aldatu zuten etxe-bloke altuak egiteari helduz, politika horrek gero biztanleen kontrako jarrera piztu bazuen ere. Jende-pilaketa hori saihestearren, agintariek Londres inguruko herrietara mugitzea sustatzeko politika jarri zuten indarrean. Garai horretan ere, Britainiar Inperioko etorkin ugari heldu ziren, eta hiriburuaren izaera aldatu zuten: Notting Hillek karibetarrak hartu zituen bere baitan, Honk Kongeko etorkinak, berriz, Sohon finkatu ziren, sijak Southallen eta zipretarrak Finsburyn.

 
Londres, Blitzean bonbardatua.

Bestalde, artean gerraren orbaina agerian zela, 1948an Olinpiar Jokoak egin zituzten Londresen. 1951ean, gainera, Britainiako Festibala ospatu zuten. Horrelako ospakizunek poz berria ekarri zuten, eta baikortasuna piztu. Aldiz, 1952ko abenduan, Londresek gaur egun "Great Smog" izenaz ezagutzen dena pairatu zuen, lau egunez. Berez, smoga aireko kutsaduraren eta hiriko behe-lainoaren nahasketa da, eta historian zehar, neurri handiagoan edo txikiagoan, Londresen maiz agertu den fenomenoa da. Hala ere, 1952koa bereziki larria izan zen: hotza zela-eta, londrestarrak ohi baino ikatz gehiago erretzen hasi ziren, baina ke hori harrapatuta geratu zen aire hotzezko geruza baten azpian. Hori horrela, kutsagaien kontzentrazioa izugarri hazi zen, eta horrek birika-infekzio ugari eragin zituen. Horren ondorioz, 4.000 pertsona hil ziren (gehienbat, oso gazteak edo oso zaharrak, edo lehenagotik ere arnasa-arazoak zituztenak). Hurrengo hilabeteetan, beste 8.000 hil ziren. Gertatutakoa ikusirik, aireko kutsadurari aurre egiteko zenbait arau onetsi ziren, erregai kutsagarri batzuen erabilera debekatu zutenak.

1997an su-etena iragarri arte, IRAk gogor eraso zuen Londres, Britainia Handiko gobernuari eta Ipar Irlandako Sinn Féin alderdiari negoziatzeko presioa egiteko.

XXI. mendea

2005eko uztailaren 6an, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Londres aukeratu zuen 2012ko Joko Olinpikoen egoitza izateko. Hortaz, Joko Olinpikoak hiru bider antolatu dituen munduko hiri bakarra da, 1908 eta 1948 urteetan antolatu ostean. Biharamunean, atentatu gogorrak izan ziren hirian, garraiobide sistemaren aurka burututako eraso terroristak izan ziren. Lau erasotzaileek beren buruaz beste egin zuten eta beraiez gain, 52 pertsona hil ziren eta 700 inguru zauriturik suertatu. Hala ere, Londresko Olinpiar Jokoak oso arrakastatsuak izan ziren eta hiriari bultzada handia eman zioten.

2014ko azaroaren 11n, zeramikazko 888.246 mitxoleta gorri jarri zituzten, Lehen Mundu Gerra amaitu zen egunean, hildako soldadu britainiar bakoitzeko bat[1].

2016an Sadiq Khan politikari laborista hautatu zuten Londresko alkate, hiriak izan duen lehen alkate musulmana da. Urte bereko ekainaren 23an, Brexitaren erreferenduma gertatu zen. Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzea erabaki zuen arren, Londresek geratzearen aldeko bozka eman zuen. 2017a urte beltza da, bi atentatu jasan baititu, Westminsterrekoa (martxoaren 22an) eta Borough merkatukoa (ekainaren 3an).

«888.246», Berria, 2014-11-12
Photographies by:
Superbmust - CC BY-SA 3.0
Statistics: Position
1638
Statistics: Rank
74533

Gehitu iruzkin berria

Esta pregunta es para comprobar si usted es un visitante humano y prevenir envíos de spam automatizado.

Security
465328971Click/tap this sequence: 7342

Google street view

Where can you sleep near Londres ?

Booking.com
489.975 visits in total, 9.198 Points of interest, 404 Destinations, 24 visits today.