X. mendean lehenbizi agirietan agertu zenean herrixkak Rochella (gaskoizko Roche- haitz- hitzaren txikigarria) zuen izena. XI. mendean hiri-gutun (charte de commune) lortu zuen.
Ré uhartetik gertu bere kokapen estrategikoari esker, Euskal Herria eta Bretainia arteko portu nagusi bilakatu zen eta Ingalaterra eta Hansarekin merkataritza-harreman estuak landu zituen. Ehun Urteko Gerran ingelesen eskuetan izan zen 1372an, Arroxelako guduan Gaztelak ingelesak menderatu arte.[erreferentzia behar]
Merkataritza-harremanak eta Parisetik urrun egoteak erreforma bultzatu zuen hirian eta protestanteen hiriburu bilakatu zen[1]. 1571n bertan babestu ziren higanotak Joana III.a Nafarroakoak zuzenduak. Karlos IX.a Frantziakoak autonomia hau bukatzeko asmoz, hiria setiatu zuen baina ingelesen laguntzari esker hiria eustea lortu zuen.
XVIII. mendearen hasieran, biztanleriaren % 90a protestante zen eta ardo, gatz, bakailao eta Kanadatik zetozen larruen salerosketez bizi zen. Baina Richelieu kardinalak eta Luis XIII.a Frantziakoak ezin egoera mantendu eta hiria berriro setiatu zuten. Setio gogor honen ostean hiriak bere eskubideak eta biztanleriaren % 20a galdu zituen. Katolizismora aldatu (dragonnades) nahi ez zutenek erbesteratzea erabaki eta iheslariek New Rochelle sortu zuten Ameriketako Estatu Batuetan[2].
XVIII. mendean merkataritza berpiztu eta esklabotza, azukre, kafe eta anilei esker oparotasun-garaiak itzuli ziren.
Bigarren Mundu Gerran, alemaniar kriegsmarinek portuaren garrantzi estrategikoaz ohartu eta itsaspekoentzat base handia eraiki zuen. Berriro setiatua, hiria Paris baino bederatzi hilabete beranduago errenditu zen. Askatua izateko Frantziako azken hiria izan zen[3].
↑ Knecht, Robert Jean. The rise and fall of Renaissance France, 1483–1610. , 355 or.. ↑ Kamil, Neil. (2004). Fortress of the soul: violence, metaphysics, and material life. , 584 or.. ↑ Philippe Barbour, Dana Facaros, Michael Pauls. France. , 356 or..
Gehitu iruzkin berria