Serengeti Parke Nazionala (ingelesez Serengeti National Park) Tanzaniako Mara eskualdeko Serengeti ekosisteman dagoen parke nazionala da. Mundu mailan animalien migrazio handiena gertatzen den eremua da, urtero 1,5 milioi ñuk eta 250.000 zebrak migratzen dute, eta Afrikako lehoi populazio handiena ere bertan dago.
Parkeak 14,763 km2 -ko azalera du eta 1951n ezarri zuten. 1981ean UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen. Turismo-gune ospetsua da, urtero 350.000 bisitari inguru dituena.
Masai jendeak abereak bertan bazkatzen zituen aurreneko esploratzaile europarrak iritsi baino 200 urte lehenago.
1892an Oscar Baumann esploratzaile eta geografo alemaniarra iritsi zen Serengetira eta hiru errinozero ehizatu zituen Ngorongororen kraterraren inguruan[1]. 1913an Stewart Edward White esploratzaile britainiarrak lautadaren iparraldeko eremua esploratu zuen. 1920ko hamarkadan itzuli zen, Seronera ingurura orduan. Hiru hile egin zituen bertan eta hark eta haren taldekideek 50 lehoi akatu zituzten[2]. Lehoien ehiza intensiboa gertatu zen orduan eta haien kopurua jaisten zihoala ikusita 1930ean britainiarrek Serengeti hegoaldea eta ekialdea hartuko zituen 2.286 km2-ko azalerako eremu bat babestea erabaki zuten. 1940an parke nazional bihurtu zuen Tanganikako gobernuak eta 1948an babes gorena eman zitzaion. Masai leinuak baino ez zuen bertan libreki ibiltzeko baimena. 1951. urtean muga berriak ezarri zitzaizkion erreserbari[3].
1959an parke nazionalaren ekialdeko 8.300 km2-ko eremua banatu egin zen eta Ngorongoro Kontserbazio Eremua sortu zen, masai jendearen nekazaritza tradizionala bermatu asmoz. 1981ean Serengetiko parke nazionalak 12.950 km2-ko azalera zuen, Serengeti lautadaren erdia baino gutxiago[4]. Gaur egun 14.750 km2-ko azalera hartzen du[5].
↑ «Dr. Oscar Baumann» ntz.info (Noiz kontsultatua: 2022-03-16). ↑ «Stewart Edward White» ntz.info (Noiz kontsultatua: 2022-03-16). ↑ Neumann, Roderick P.. (1995-04). «Ways of Seeing Africa: Colonial Recasting of African Society and Landscape in Serengeti National Park» Ecumene 2 (2): 149–169. doi:. ISSN 0967-4608. (Noiz kontsultatua: 2022-03-16). ↑ (Ingelesez) Makacha, Stephen; Msingwa, Michael J.; Frame, George W.. (1982-10). «Threats to the Serengeti Herds» Oryx 16 (5): 437–444. doi:. ISSN 1365-3008. (Noiz kontsultatua: 2022-03-16). ↑ «Protected Planet | Serengeti National Park» Protected Planet (Noiz kontsultatua: 2022-03-16).
Gehitu iruzkin berria