San Marino, izen ofiziala San Marinoko Errepublika (italieraz: Repubblica di San Marino), hegoaldeko Europako estatu itsasgabea da, Italiar penintsularen erdialdean dagoena, Itsaso Adriatikotik hurbil. Italiako Emilia-Romagna eta Markak eskualdeek erabat inguratzen dute. 61,2 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta 33.285 biztanle zituen 2016an.
Europako estatu independente txikienetako bat da, Vatikano Hiria eta Monako bakarrik dira txikiagoak, eta munduko bigarren errepublika txikiena, Naururen ondoren. Munduko errepublikarik zaharrena da, 301. urtean sortu baitzuen Marinus erromatar harginak.
Elezeharraren arabera, IV. mendean, Marino dalmaziar hargina eta harekin batera Diokleziano enperadorearengandik ihesi zihoazen esklabo batzuk Titano mendian babestu ziren. Kristau talde bat sortu zen, eta herri bat, geroago, sortzailearen izenaz deitu zena. X. mendea arte, San Marinoko herriak bere legeak izan zituen, eta geroago, Lombardiakoak hartu zituen. XI. mendean komuna bat osatu zuen, bere estatutuekin, eta gremio bakoitzeko ordezkariekin. Hurrengo mendean, inguruko jauntxoen erasoak gorabehera, burujabetasunari eutsi zion, lurraldearen kokapenari eta mendietako gotorlekuei esker. Rimini hiriko Malatesta familiaren erasoen aurrean, Urbinoko Montefeltro familiaren laguntza izan zuen, eta onik atera zen Guelfoen eta Gibelinoen arteko liskarretatik.
XV. mendearen erdialdean errepublika bihurtu zen, 60 kidez osatutako Batzorde Nagusia zuena. XVI. mendean, zenbait erasori aurre egin zion, eta urte batzuetan Cesar Borgiaren mendean egon arren, burujabetasuna gorde zuen. XVII. mendean, Batzordea oligarkia baten aginpidean geratu zelarik, errepublika gainbehera etorri zen. 1631an aita santuak onartu zuen. 1739an, burujabetasuna galdu zuen, Aita Santuen Lurraldearen mende erori baitzen. 1797an Napoleon Bonapartek, eta 1815ean Vienako Batzarrak, San Marinoren burujabetasuna berretsi zuten. Italiako Risorgimentoan italiar abertzaleen babesleku izan zen.
Italiako estatua sortu zenean adiskidetasun hitzarmenak izenpetu zituzten bi herrialdeek, 1897an eta 1939an. 1906tik aurrera Kontseilu Orokorra demokratikoago bihurtu zen, aurretik zuen joera elitista baztertuz. Mundu gerretan Italiarekin batera jokatu zuen. Bigarren Mundu Gerran Hitlerrek okupatu zuen. Epe labur batean aliatuek askatu zuten arren, nazien eskuetan erori zen berriz. 1945ean, askatasuna lortu eta sozialista eta komunistek gobernatu zuten. 1957an, alderdi kristau demokrata eta sozialdemokratak osaturiko ezkerreko koalizioa batek hartu zuen gobernuaren buruzagitza. Koalizio horrek 1973 arte iraun zuen baina, eztabaida politikoak sortu baitziren, gobernualdi laburreko garai bat hasi zen. 1978an, komunistak buru ziren koalizioa igo zen berriro agintera. Berriz hautatu zuten 1983an baina, finantza eskandalu bat zela-eta, 1986an nagusitasuna galdu zuen; urte horretan bertan, kristau-demokraten eta komunisten arteko koalizio bat sortu zen.
1992ko martxoan, kristau demokratek beste koalizio bat osatu zuten sozialistekin, eta haiek lortu zuten berriz ere nagusitasuna 1993ko maiatzeko hauteskundeetan. 1988an, Europako Kontseiluan sartu zen; 1992an, berriz, Nazio Batuen Erakundean, eta 2002an, euroa hartu zuen dirutzat, nahiz Europar Batasunean ez egon. Estatu burujabea den arren, arlo askotan Italiarekiko dependentzia handia du.
Gehitu iruzkin berria