Red Bay, Newfoundland and Labrador
( Red Bay (Ternua eta Labrador) )Red Bay (dirudienez euskal baleazaleek XVI eta XVII. mendeetan Butus, Buytres, Boitus edo Boatuss deitua) arrantzale-herrixka bat da, Labradorko hegoaldean kokatua, Ternua eta Labradorko probintzian, Kanadan. 1550 eta 1600 urteen artean, Red Bay Euskal Herriko baleazaleen urte erdirako bizilekua izan zen; eta, egun, UNESCO erakundeak Gizateriaren Ondare izendatua zuen 2013an: Red Bay-ko euskal baleazaleen kokalekua.
Bertako uretan euskaldunek bertara eramandako hiru itsasontzi eta lau txalupa txiki topatu dira, Selma Huxley historialariak Euskal Herriko nahiz espainiar eta frantziar estatuetako artxibo eta liburutegietan aurkitutako dokumentazioa jarraiki. Ur azpian mantendu diren itsasontzi hauek, Ameriketako ur azpiko arkeologiarentzat leku garrantzitsu bihurtzen du Red Bay.
1550 eta XVII. mendeko hasieraren artean, Red Bay Euskal Herriko baleazaleen kokaleku nagusia izan zen. Honek urtero 15 itsasontzi eta 600 arrantzale bidali zituen Belle Isleko itsasartera sardako baleak eta Groenlandiako baleak harrapatzeko[1]. 1565ean, bere uretan, Saddle uhartetik gertu hain zuzen ere, ekaitza baten ondorioz, San Juan baleontzia ondoratu zen. Zenbait txalupa ere aurkitu dute inguruko uretan.
Euskal baleazaleen urrezko aroan, 1560 eta 1570 artean, mila bat gizonek 15 txalupatan baleak harrapatzen zituzten edo lan egiten zuten 15 labetan, non prozesatzen zuten baleen koipea, bertatik ateratzeko olio berezia, Europan oso ondo saltzen zena. Baleontzi bakoitzaren bueltako zamak balio zezakeen gaurko 8.500.000 euro, kalkulatu baita upel bakoitzak balio zezakeela 8.500 euro. [2]
Gaur egun petrolioak duenaren adinako garrantzia izan zuen lumerak (balea olioak) hainbat mendetan, eta halaxe zen XVI. mendearen bigarren erdian ere. Argiztapenerako erabiltzen zen, baita lubrifikatzaile eta bigungarri moduan ere, xaboiak egiteko, botikak, ehunak prestatzeko. Ez koipea bakarrik, balearen hezurrak ere oso erabilgarriak ziren, arropa, kapela, kortseak, eskuilak, uztaiak eta beste egiteko. Balearen bizarrak ere saltzen ziren, besteak beste, aiztoak egiteko. [3]
Euskal Herriko baleontziak maiatzean itsasoratu eta urrian bueltatzen ziren, non eta eguraldi hotza aurreratzen ez bazen, zenbait urtetan gertatu zen bezala. Jakina da horrelakoetan izotza uste baino lehenago zabaltzen zelako, eskifaia osoak geratu behar izan zirela Red Bay-n. Saddle uhartean 142 baleazale euskaldunen gorpuzkiak daude. Adituek uste dute han datzan jendea hil zela edo itota edo hotzak jota, neguak bertan harrapatuta.
2004an beste baleontzi bat aurkitu zen urpean, zortzi bat metro sakon. Inguruan aurkitutako laugarren ozeanoz bestaldeko ontzia zen.
Oraindik ez dago garbi euskal baleazaleek zergatik utzi zioten Red Bay-ra joateari. Faktore bat izan liteke sardako baleak eta Groenlandiakoak izugarri murriztea, gehiegi arrantzatu izanagatik. Izan ere, 50 urtean baleazaleek 20.000 balea inguru hil zituzten. Aintzat hartzekoa izan daiteke, halaber, indigenak ere hasi zirela baleak harrapatzen, eta areagotu egin zirela euskal baleazaleen kontrako eraso armatuak itsasoan.
Indusketa lanaRobert Grenierrek zuzenduta, sei urte iraun zuen indusketa arkeologikoak Red Bay-ko badiaren uretan. Bertan aurkitu zituzten San Juan baleontziaren egitura, zama eta marinelek erabilitako objektuak. Baita balea-txalupa bat, baleontziaren azpian honduratu zena. Elementu horiek guztiak piezaz pieza atera eta erregistratu ziren. Lan horretan arkeologo kanadarrek euskaldun baten laguntza izan zuten, Manu Izagirre donostiarra, zeinak murgilari lanak egin zituen Grenierren aginduetara.
Uraren tenperatura hotzari esker, eta egituraren zati handi bat oxigenorik gabeko inguru batean egotearen ondorioz, itsasontzia oso egoera onean mantendu zen. Zura eta tartean soka zatiren bat ere egoera bikainean kontserbatu ziren. [4]
Gaur egun Red Bay herrian interpretazio etxe bat dago, eta bertan esplikatzen zaie bisitariei euskal baleazaleen historia.
1979an Red Bay izendatu zuten Kanadako Gune Historiko Nazional, [5] eta 2013a ezkero UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen.
↑ Basque whaling historical page ↑ On The Hunt With The Basque Whalers. 2018-08-02 (Noiz kontsultatua: 2018-09-03). ↑ Berria.eus. «Euskal ondarearen Kanadako ikurra» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-09-03). ↑ Diversius. «Albaola ikerkuntza - Donostiako museoa - euskal itsas ondarea» Albaola (Noiz kontsultatua: 2018-09-03). ↑ (Ingelesez) Canada, Parks Canada Agency, Government of. «Red Bay National Historic Site» www.pc.gc.ca (Noiz kontsultatua: 2018-09-03).
Gehitu iruzkin berria