Quito (ˈkito ahoskatua), ofizialki San Francisco de Quito, Ekuadorko hiriburua eta bigarren hiririk handiena da (Guayaquilen ondoren) eta Pichincha probintziaren hiriburua. 2019an 1.978.376 biztanle zituen.
Quito itsas-mailatik 2.850 metrora dago, Iparraldeko Andeen mendebaldeko mendilerroan. Pichincha sumendiaren ekialdeko mazelan hedatzen da, Guayllabambako mendiartean, eta Machángara errekak zeharkatzen du. Independentzia plaza ekuatoretik 25 km hegoaldera besterik ez dago.
Ekuadorko erdigune politiko eta administratiboa da. Gobernu, kultura, finantza, administrazio eta merkataritza erakunde garrantzitsuenen egoitza da. 1978ko irailaren 18an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen. 2008tik Hegoamerikako Nazioen Batasunaren (UNASUR) egoitza da.
Quitotik 25 kmra dagoen Ingako aztarnategi arkeologikoan Kristo aurreko XI. milurtekoko hondakinak atzeman dira. Bertan talde ehiztari-biltzaile nomadak bizi izan ziren[1]. K. a. XV. mendetik aurrera Cotocollao kultura agertzen da. Nekazari sedentarioak ziren, artoa, kinoa eta kuia lantzen zutenak. K. a. V. mendean Pululahua sumendiaren erupzioak kultura hau itzalarazi zuen[2]. Juan de Velasco espainiar jesuitak «Historia del Reyno de Quito» liburuan Quitoko erresuma aipatu bazuen ere, garai hori nahiko ilun dago.
Inken konkista XV. mendean hasi zen, Túpac Inca Yupanqui buru zela. Honen seme Huayna Cápac-ek Tomebamban (gaur egun Cuenca) kokatu zuen bere bizilekua. Gerra odoltsuen bidez Quituen lurraldea bereganatu zuen eta 1532an, Yahuarcochako (kitxuaz odolezko aintzira) sarraskiaren ondoren, erabateko garaipena lortu zuen[3].
Espainiarrak iritsi zirelarik Inka Inperioan gerra zibila zegoen, Atahualpa eta Huascar anaien aginte goseagatik. Lehenbizikoak Quitotik agintzen zuen eta bigarrenak Cuzcotik. 1532an Francisco Pizarrok Atahualpa atzeman eta zenbait egun geroago hilarazi zuen[4].
1534ko abenduaren 6an Sebastián de Belalcázarrek, Pichincha sumendiaren mazelan, San Francisco de Quito hiria sortu zuen. 1536an San Frantzisko elizaren eraikuntza hasi zen[5] Quitotik abiatu zen, 1541ean, Amazonas ibaia aurkitu zuen Francisco de Orellanaren espedizioa.[6]. 1545ean Quitoko elizbarrutia eratu zen. 1562an Filipe II.a Espainiakoak Quitoko Errege Auzitegia sortu zuen, Peruko erregeordetzaren barnean. 1586ko martxoaren 18an agustindarrek San Fulgencio Unibertsitatea (gaur egun Universidad Central del Ecuador) fundatu zuten. Meatzeen esplotazioak eta ehungintzak hiria aberastu zuten.
Independentzia1809ko abuztuaren 10ean hiriak espainiar agintariak kargugabetu zituen eta Batzar Autonomoa eratu zuen[7]. Askapen prozesua 13 urtez luzatu zen. Azkenik 1822ko maiatzaren 24an, Pichinchako guduan, Antonio Jose de Sucre jenerala buru zuen armada independentistak behin betiko garaipena lortu zuen.
Antzinako Quitoko Errege Auzitegia Kolonbia Handiko Errepublikaren barnean sartu zen. 1824ko ekainaren 25ean Pichincha probintzia sortu zen, Quito hiriburu zuena. 1826ko martxoaren 18an Universidad Central del Ecuador inauguratu zen.
1830eko maiatzaren 13an Kolonbia Handitik bereizi eta Ekuadorko Errepublika sortu zen. Hiriburua Quito zen eta Juan José Flores lehenbiziko presidentea.
XX. mendea1908ko ekainaren 25ean Guayaquil eta Quitoren arteko burdinbidea inauguratu zen. Andeak zeharkatzen dituen trenbide hau Ekuadorko garrantzitsuena da.
1949ko otsailaren 12an Radio Quitok H. G. Wells idazlearen "The War of the Worlds" (1898) eleberriaren itzulpena eman zuen. Txarto ulertua izan zen eta anabasa handia sortu zuen hirian. Gutxienez sei lagun hil ziren.[8].
1960ko abuztuaren 6an Mariscal Sucre nazioarteko aireportua inauguratu zen.
1978ko irailaren 18an UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen Quitoko erdigune historikoa. Azkenaldi honetan hiri koloniala lehengoratzeko ahalegin handiak egin dira.
↑ Edufuturo: El Inga ↑ Edufuturo: Cotocollao ↑ Apachita: Arqueología de una batalla, la laguna de Yahuarcocha ↑ Revista Bohemia: Atahualpa y Huáscar ↑ in-quito.com: Iglesia San Francisco ↑ viajeros.com: Francisco de Orellana descubriendo el gran río ↑ the.pazymino.com: La revolución del 10 de agosto de 1809 ↑ War Of The Worlds radio broadcast, Quito, Ecuador (1949)
Gehitu iruzkin berria