Euskara

Euskara Euskal Herriko hizkuntza da. Hizkuntza bakartua da, ez baitzaio ahaidetasunik aurkitu. Morfologiari dagokionez, hizkuntza eranskari eta ergatiboa da. Euskaraz mintzo direnei euskaldun deritze. Gaur egun, Euskal Herrian bertan ere hizkuntza gutxitua da, lurralde horretan gaztelania eta frantsesa nagusitu baitira.

Euskararen sustrairik zaharrenak, Erromatar Inperioaren aurretikoak, Akitania osoan eta Bizkaiko golkotik Andorraraino bitarteko Pirinioen bi aldeetan agertu dira. Erdi Aroan, gutxienez Errioxan eta Burgosko ipar-ekialdean ere hitz egin zela dokumentatuta dago. Gutxitze prozesu latza jasan du, eta lurraldeak galdu ditu etenik gabe. Nafarroa Garaian, bereziki, prozesu hori oso nabarmena izan da azken mendeetan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual nahiz Arturo Kanpion eta Sabino Arana bezalako politikarien eraginez nolabait biziberritu zen, eusko abertzaletasunari estuki lotu baitzen. Frankismoaren garaian (1936–1977) euskarak jazarpen arrotza pairatu zuen eta ia desagertu zen, baina berriro ere indartu egin da 1960ko hamarkadaz geroztik, euskararen aldeko herri mugimenduak (ikastolak, AEK...) eta idatzizko estandarizazioak lagunduta.

1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu du, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskal Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza izendatu zuen eta gaztelaniarekin batera ofizial egin zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (Trebiñun eta Villaverde Turtziozen izan ezik). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskaldunean) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (eremu mistoan), onarpen maila txikiagoa da eta traba handiagoak ditu euskarak. Nafarroako hegoaldean (eremu ez-euskaldunean), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du aginpidea duten erakunde publikoen onarpenik: hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.

2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, euskararen eremu osoan bizi ziren 16 urtetik gorako biztanleen % 28,4 (751.500 pertsona) zen euskalduna, eta % 16,4 (434.000 pertsona) euskaldun hartzailea. Hala ere, adin tarte gazteagoak kontuan hartuta, kopurua handiagoa da. Adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko datuak soilik kontuan hartuta, 2016an 2 urtetik gorako 895.942 euskaldun eta 391.897 euskaldun hartzaile zeuden.

Destinations