Cusco edo Qosqo (gaztelaniaz: Cuzco; bigarrena ofiziala hirian 1990az geroztik eta ˈqo̝s.qɔ ahoskatua) Cusco eskualdeko hiriburua da, Inka Inperioko hiriburua izandakoa.

Herrialdeko hegoaldeko mendilerroan dago, Huatanay ibaiaren arroan. Gutxi gorabehera, 300.000 biztanle ditu. Peruko toki turistiko nagusia da: urtean, milioi bat pertsona joaten dira hiria bisitatzera. UNESCOk, 1983an, Gizateriaren Ondare izendatu zuen.

Historia Fundazioa eta inka garaia

Bi elezahar indigenaren arabera, Cuscoren fundazioa bertako lehen estatu agintari Manco Cápac izeneko pertsonaia eta haren emazte eta arreba Mama Ocllorekin lotzen dute. Bi-bietan, Inken Haran Sakratuaren hegoaldera toki zehatzaren bila egindako erromesaldi baten ondoren, Inti eguzki jainkoak sortzaileei tokia adierazi ziela aipatzen da.

Datu arkeologiko eta antropologikoen bidez, Cuscoren okupazioaren benetako prozesua aztertzen joan da. Adostasunak, Taypiqala erresumaren gainbeherak, erresuma horretako herriaren migrazioa eragin zuela adierazten du. 500 gizon inguruko taldetxo hau, pixkana-pixkana, Huatanay ibaiaren haranean ezartzen hasiko zen, Cuscoren fundazioarekin amaituko zen prozesua. Gutxi gora-beherako data ez da ezagutzen, baina, hondakin batzuei esker, hiria dagoen tokia, duela 3.000 urte jada populatua zegoela ebazten da. Baina, soilik, haren kokapena, Inka Inperioaren hiriburutzat hartuta (XIII. mendearen erdialdea), Cusco Amerika osoko hiri populaturik zaharrena da.

Inken erresumako hiriburua eta gobernuaren egoitza izan zen, eta halaxe iraun zuen inperio garaian, Andeetako eta Hegoamerika osoko hiririk garrantzitsuena bihurtuta. Zentralismo horrek garrantzia eman zion, eta gune kultural nagusia eta gurtza erlijiosoaren ardatz izan zen.

Pachacutec gobernariari ematen zaio Cusco gune izpiritual eta politiko bihurtu izanaren meritua. Pachacutec 1438an iritsi zen boterera eta berak eta bere seme Tupac Yupanquik bost hamarkada eman zituzten hainbat tribu talde euren agindupean bateratzen eta antolatzen, besteak beste, Lupaca eta Colla tribuak. Pachacutec eta Tupac Yupanquiren garaian, Cuscoren domeinua Quitotik iparraldean, Maule ibaira hegoaldean iritsi zen, kulturalki, 4.500 kilometroko mendilerroetako biztanleak barneratuz.

Uste da, halaber, hiriaren jatorrizko diseinua Pachacutecena dela. Antzinako Cuscoren planoak puma delineatu forma du Haucaypata erdiko plaza: han, animaliaren bularraren tokia dago; burua, berriz, Sacsayhuaman gotorlekua dagoen muinoan dago.

Inken banaketa administratiboa, hots, inperioko lau eskualdeen mugak, Cuscoko plaza nagusian bat egiteko moduan antolatu zuten.

Fundazio espainiarra eta erregeordetza

Espainiar konkistatzaileek, egungo Peruko lurraldera iritsi zirenean, bazekiten euren xedea Cusco Inka Inperioko hiriburua hartzea zela.

Atahualpa inka Cajamarcan harrapatu ondoren, Cuscoraco euren ibilbidea abiatu zuten espainiarrek. Bidean, Inperioko hiriburua eta San Miguel de Tarangará hasierako hiriaren arteko lotura bezala zenbait hiri sortu zituzten. 1533an, Francisco Pizarrok Espainian ohi zen bezala sortu zuen Cusco, hots, Arma Plaza gisan —inken garaian ere plaza nagusia zen—, egungo hiriak oraindik duen kokapena ezarriz eta inken subirauen jauregiz inguratua zegoena. Iparralderantz ematen duen orubean katedralaren eraikuntza hasi zen. Pizarrok Cuscori Cusco, Hiri Noble eta Handia izendapena eman zion 1534ko martxoaren 23an.

Inka Inperiotik bizirik mantendu zirenek koloniaren lehen urteetan borroka bat izan zuten. 1536an, Manco Incak euren borrokak hasi zituen eta Vilcabambako Inkak izeneko dinastia sortu zuen. Dinastia 1572an amaitu zen, azken inka izan zen Tupac Amaru I.a garaitu, harrapatu eta lepoa moztu ziotenean.

Hiria erdialdeko Andeetako merkataritza eta kultura gune garrantzitsu bihurtu zen, Lima eta Buenos Aires arteko ibilbidean aurkitzen baitzen, baina erregeordetzaren administrazioak nahiago izan zuen Lima (Cusco baino bi urte geroago sortua, 1535ean), eta batez ere horrek El Callao portu naturalarekin zuen hurbiltasuna, Hegoamerikako bere domeinuen burua ezartzeko. Hiria, jada aipatua da ezagutzen den Peruri buruzko lehen mapan.

Cusco erregeordetzaren administrazioaren burutzat hartu zen herrialdearen hegoaldean: hasieran, herririk garrantzitsua izan zen, Arequipa edo Moquegua sortu berrien kaltetan. Bere biztanleria, nagusiki, euren foru eta pribilegioetako batzuk gorde zituzten inka aristokraziako indigenaz osatua zegoen. Espainiar ugari ere bertan bizitzen jarri ziren. Garai horretan hasi zen gaur egun hirian ikus daitekeen mestizaje kulturalaren prozesua.

Hiri garapena, behin baino gehiagotan, zenbait lurrikararen triskantzek eten zuten. 1650ean, lurrikara gogor batek ia eraikin kolonial guztiak suntsitu zituen. Lurrikara hartan, garrantzi handia hartu zuen Dardaren Jaunaren irudiak, gaur egun, oraindik ere, urtero prozesioan ateratzen dena.

1780an, Jose Gabriel Condorcanquik (Tupac Amaru II.ak) hasitako mugimenduak asaldatu zuen Cusco, espainiar administrazioaren aurka altxatu zenean. Haren altxamendua Cuscon aurkitzen ziren erregeordetza autoritateak estututa eduki zituen zenbait hilabetetako borrokaren ondoren apaldua izan zen. Tupac Amaru garaituta, preso hartu zuten eta, bere familia guztiarekin batera, Cuscoko armen plazan exekutatu. Gaur egun, oraindik, Jesusen Konpainiaren elizaren ondoan, Tupac Amaru II.arentzako presondegitzat erabili zen kaperak dirau. Mugimendu hura laster asko hedatu zen Ande guztietatik, eta hegoamerikar independentzia prozesuaren abiapuntua izan zen.

XIX. mendean, Cuscon, erregeordetza administrazioaren aurkako beste altxamendu bat gertatu zen. Mateo Pumacahua brigadierrak, Tupac Amaru II.aren armadaren aurka borrokatu zuen cuscotar mestizoak, beste mugimendu bat abiarazi zuen Angulo anaiekin batera, Peruren independentzia lortzeko. Altxamendu hura ere itzali egin zuten.

Errepublika

Peruk independentzia aldarrikatu zuen 1821ean, eta Cusco hiriak bere garrantzia mantendu zuen herrialdearen antolaketa politiko-administratiboari dagokionez. Hain zuzen ere, Cusco departamendua sortu zen, Brasileko mugarainoko Amazonia perutarraren lurraldeak ere hartzen zituena. Cusco hiria izan zen departamendu horretako hiriburua, eta perutar Andeetako hegoekialdeko hiririk garrantzitsuena.

XX. mendearen hasieratik, inoiz izandako garapen azkarrena hasi zuen hiriak eta ondoko Santiago eta Wanchaq barrutietara hedatu zen.

1911n, Cuscotik bertatik abiatu zen Hiram Binghamen espedizioa, Machu Picchuko hondakin inkak esploratzera eraman zuena.

Sariak 1933an, Argentinako La Plata hirian egindako Amerikanisten Biltzarrak, hiria, "Amerikako Hiriburu Arkeologiko" izendatu zuen. Geroago, 1978an, Italiako Milan hirian eginiko Munduko Hiri Handietako Alkateen 7. Konbentzioak, Cusco "Munduko Oinordekotza Kultural" izendatu zuen. Azkenik, Parisen (Frantzia), UNESCOk hiria eta, bereziki, haren erdigune historikoa Gizateriaren Ondare Kultural izendatu zuen 1983ko abenduaren 9an. Peruar estatuak, aurrekoarekin bat egiteko, Cusco, 1983ko abenduaren 22an, 23765 legearen bidez, Peruko Hiriburu Turistiko eta Nazioko Ondare Kultural izendatu zuen. Gaur egun, 1993ko Konstituzio politikoak Cusco Peruko Hiriburu Historiko izendatzen du. 2007ko uztailaren 7an, Machu Picchu, munduko 7 mirari berrien artean aukeratu zen.Gaur egun

1950ean, beste lurrikara batek astindu zuen hiria eta bertako eraikin guztien heren bat suntsitu. Turismo toki garrantzitsu bihurtzen hasi zenez, bisitarien kopuru handiagoa jasotzen hasi zen.

1990eko hamarkadatik, jarduera turistikoak paper berezia bete zuen hiriko ekonomian; horren ondorioz, ostalaritza handitu zen. Gaur egun, Cusco Peruko toki turistikorik garrantzitsuena da. Bestetik, hiriak hazten segitzen du, San Sebastian eta San Jeronimo barrutietara ere hedatu baita.

Daniel Estrada Perez, Kitxua Hizkuntzaren Akademia Nagusiaren babeslea, Cuscoko alkate izan zen denboran —1983tik 1995era bitartean—, hiriari Qosqo izen ofiziala gehitu zioten eta kaleen antzinako kitxuazko izenak ofizialdu zituzten.

Cuscoren gaueko ikuspegi panoramikoa. Cusco, bizitzaz beteriko hiria.
Photographies by:
Martin St-Amant (S23678) - CC BY 3.0
Statistics: Position
2352
Statistics: Rank
52581

Gehitu iruzkin berria

Esta pregunta es para comprobar si usted es un visitante humano y prevenir envíos de spam automatizado.

Security
316857492Click/tap this sequence: 5624

Google street view

Where can you sleep near Cusco ?

Booking.com
489.990 visits in total, 9.198 Points of interest, 404 Destinations, 39 visits today.