Österreich-Ungarn ( Austria-Hungariako Inperioa )

Austria-Hungariako Inperioa (alemanez Österreichisch-Ungarische Monarchie, hungarieraz Osztrák–Magyar Monarchia) 1867an sortutako estatu europarra izan zen, Austriako inperioak bere baitan Hungariako Erresumaren autonomia onartu zuenean. Une horretatik aurrera, enperadoreak bi erreinuetako koroa izan zuen, baina bakoitzak autonomia maila esanguratsua izan zuen eguneroko jardueretan. Modu horretan, monarkia duala sortu zen 51 urtez, alde batean erresuma eta bestean inperioa zena, Kaiserlich und königlich kontzeptuaz.

Europa erdialdeko lurralde zabalak menperatu zituen. 1914an, Lehenengo Mundu Gerra hastean, 676.615 km² eta 52.799.000 biztanle zituen. Gerra hori inperioaren amaiera izan zen; Austria eta Hungaria banatu egin ziren eta beraien menpe egondako herrialde askok independentzia lortu zuten.

Gaur egungo estatuen banaketa aintzat hartuz, Austria, Hungaria, Txekia, Eslovakia, Eslovenia, Kroazia eta Bosnia-Herzegovinako lurraldeak izan ziren inperioko zati, baita Serbia, Montenegro, Italia, Errumania, Polonia eta Ukrainako zenbait eskualde ere.